Kazetaritzaren eragina
Kazetaritzak gizartean zelan eragiten duen ikertzen dut. Doktorego-tesian (2011) albisteen kalitatea neurtzeko metodoa garatu nuen eta Denis McQuail epaimahaiburua izan zen. Euskarazko hedabideen kalitatea bertako gaztelerazko eta frantsesezko hedabideena baino hobea dela egiaztatu dut. Gainera, euskarazko hedabideon kalitateak ez du hobera egin 2008tik, ez eta txarrera ere, nahiz eta krisialdi ekonomikoak hedabideon baliabide ekonomikoak gutxitu. Webguneek, baina, azken orduko informazioa eskaintzeko, albisteen kalitatea jaitsi dute. Era berean, tokiko hedabideek ere, haien sorreratik hona, kalitatea hobetu dute, haientzat kalitatea albisteen lanketan datzalako.
Euskarazko prentsa XVIII. mendetik garatzen dabilen errealitatea da. Europako hizkuntza gutxituetako kazetaritza-ereduak askotarikoak direla aztertu dugu. Telebistan, gainera, kalitateak berebiziko garrantzia dauka, publikoa denean. Horregatik, ETBrentzat egokiak diren Alemaniako Länderretako telebista publikoaren ereduan oinarritutako irakaspenak aurkeztu ditut.
Objektibotasuna
Kalitatea zer den definitzeko, objektibotasuna ez dela neutralitatea azaldu dut. Objektibotasunak dio hedabideek ez dietela gai guztiei eta protagonista denei tarte bera eskaini behar, horien sinesgarritasunak zehaztuko du bakoitzak hartuko duen tartea, independentziari jarraiki eta hedabide bakoitzaren ildo editorialaren iragazitik aztertuta. Horrenbestez, objektibotasuna kazetaritzaren metodoa da eta ez, araua. Horregatik, objektibotasuna albisteen kalitatearen bitartez aztertzen da.
Indarkeria matxistarekiko euskal hedabideek daukaten jarrera aztertzeko, euskarri guztietako hedabideak alderatzeko arreta-eskala egokitu dut. Ikerketa horrek erakusten du Euskal Herriko hedabideentzat indarkeria matxistak ez duela ekaitz mediatikorik ekartzen (ETAren atentatuek, bai) eta gertakizun errepikakor moduan aurkezten dute, hartzaileen neke informatiboa sor dezakeena.
Kazetaritza feminista
Kazetaritza profesionalak jarrera matxistak betikotzen dituenez, kazetaritza feministaren definizioa eta egitekoa proposatu ditut: emakumeentzako askatasun eremuak irabazteko, gizonen pribilegioak borrokatzen dituen kazetaritza. Ildo horretatik, kazetaritza feminista intersekzionalaren egitekoak adierazi ditut. Besteak beste, emakume adituak albisteen iturri bezala erabiltzeak albisteen kalitatea areagotzen duela egiaztatu dut.
Ustezkokeriei izena ipini nien (erdaraz, presuntitis esan nion), hau da, emakumeen sinesgarritasuna zalantzan ipintzen duen “ustezko erasoa” okerreko esamoldea erabiltzea. Ustezkokeriak zenbatu nituen eta, gizonek salatutako lege-hausteak eta halako bi dira emakumeentzako ustezkokeriak.
EHUko Kazetaritza Graduko Fotokazetaritza
eta Photojournalism irakasgaietako arduradun bezala, fotokazetaritzaren egiteko
feminista azpimarratzen dut.
Pernada akademikoa
Doktorego-tesia zuzendu duen irakasleak tesi horren emaitzak sinatzea da, egilea balitz bezala. Pernada akademikorako eskubidea izena ipini diot (Ius primae investigationis). Nire tesi-zuzendariak eta bere ikerketa taldeko kideek nire metodoa erabili zuten hamasei bat argitalpenetan, egiletza aitortu barik.
Pernada akademikoarekin amaitzeko eta beste inori horrelakorik ez egiteko, EAEko Unibertsitate Legearen aurreproiektuari proposamena egin nion. Zientzia eta Unibertsitate Sailburutzak lau proposamenetatik hiru onartu ditu: