Kazetaritzak gizarteari zertan eragiten dion ikertzen dut. Nire ekarpenik handiena albisteen kalitatea neurtzeko metodoa garatzea izan da. Euskarazko hedabideen kalitatea bertako erdarazkoen kalitatea baino hobea dela egiaztatu dut. Gainera, Euskarazko hedabideon kalitateak ez du hobera egin 2008tik, ez eta txarrera ere, nahiz eta krisialdi ekonomikoak hedabideon baliabide ekonomikoak gutxitu. Webguneek, baina, azken orduko informazioa eskaintzeko, albisteen kalitatea jaitsi dute. Era berean, tokiko hedabideek ere, haien sorreratik hona, kalitatea hobetu dute, haientzat kalitatea albisteen lanketan datzalako. Europako hizkuntza gutxituetako kazetaritza-ereduak askotarikoak direla aztertu dugu. Telebistan, gainera, kalitateak berebiziko garrantzia dauka, publikoa denean. Horregatik, Alemaniako Länderretako telebista publikoa izan daiteke Etb1entzat eredu.
Kalitatea zer den definitzeko, objektibotasuna ez dela neutralitatea azaldu dut. Objektibotasuna kazetaritzaren metodoa da eta ez, araua. Horregatik, objektibotasuna albisteen kalitatearen bitartez aztertzen da. Objektibotasunak dio hedabideek ez dietela gai guztiei eta protagonista denei tarte bera eskaini behar, baizik eta haien ildo editorialak ebazten duena. Indarkeria matxistarekiko euskal hedabideek daukaten jarrera aztertzeko, euskarri guztietako hedabideak alderatzeko arreta-eskala multimedia egokitu dut. Azterketa horrek erakusten du Euskal Herriko hedabideentzat indarkeria matxistak ez duela ekaitz mediatikorik ekartzen (ETAren atentatuek bai). Gertakizun errepikakor bihurtu dute, hartzaileen neke informatiboa ekar dezakeena.
Kazetaritza objektibo profesionalak, beraz, jarrera matxistak betikotzen dituenez, kazetaritza feministaren definizioa eta egitekoa proposatu ditut: emakumeentzako askatasun eremuak irabazteko, gizonen pribilegioak borrokatzen dituen kazetaritza. Besteak beste, emakume adituak albisteen iturri bezala erabiltzeak albisteen kalitatea areagotzen duela egiaztatu dut. Era berean, ustezkokeriei izena ipini nien (erdaraz, presuntitis esan nion), hau da, emakumeen sinesgarritasuna zalantzan ipintzen duen “ustezko erasoa” okerreko esamoldea erabiltzea. Ustezkokeriak zenbatu ditut eta, gizonek salatutako lege-hausteak eta halako bi dira emakumeentzako ustezkokeriak. Azkenik, kazetaritza feminista intersekzionalaren egitekoak adierazi ditut.